Proiektu suntsitzaile baten aurkako argudioak.
Diputazioak berak onartzen du trafikoa %33ko haziko dela subflubialaren ondorioz, eta horrek, jakina, kutsadura handiagoa ekarriko du inguruko auzoetako bizilagunentzat eta herritar guztientzat.
Subflubiala etorkizuneko belaunaldiei masiboa izango den zor ekologikoa utziko dien proiektu guztiz ekozida da: CO2 emisio gehiago eta ingurune degradatuagoa ekarriko dituena. Artatza parkean hamarnaka zuhaitz moztuko dituzte eta Ballonti errekaren ekosistemari kalte konponezina egingo dio.
Natura eta berdeguneak kontserbatzea eta garraio publikoa sustatzea bateratuko dituzten politikak sustatu beharrean, obra milioidun honek garraio pribatuaren menpekotasuna eta gutxi batzuen onura luzatzen ditu.
Obrak irauten duten bitartean, inguruko bizilagunek eta bereziki institutuko langile eta ikasleek zarata, hautsa eta bibrazioak pairatuko dituzte. Gainera, instituzioek zarata-mailak erregulatzeko legedia bertan behera utziko dute leherketak egin ahal izateko.
Arazoa ez da tunel bat bakarrik, gizarte eredua baizik. Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu txikitzaile hau onartu du 500 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.
Bilbo handiaren eraikuntza eta antolaketa elite ekonomikoen interesen araberakoa da. Izan ere, hainbat makroeraikuntzaren bidez, enpresa handiek etekin ekonomiko handiak lortzen dituzte, eta subflubiala horren adibide garbia da. Argi utzi zuen Carlos Alzagak “Las obras previstas dan de comer a muchas empresas” esan zuenean, tartean Sener eta IDOM. Herritarrak lehenetsiko dituzten politikak behar ditugu, eta ez kapitalaren interesetan oinarritutakoak.